XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Pellokeria haundia ematen du hau horrela esateak, baina ez pentsa hainbestekoa denik gure arteko auzi-mauziak ikusita.

Izan ere, gurean ez bait dira oraino euskararen bi mundu hauek behar bezala bereizten zenbait planteamendu egiterakoan.

Jakina, ez dut esan nahi horrenbestez bi mundu horiek (euskara mintzatuak eta euskara idatziak) elkarrekin zerikusirik ez dutenik, edota zeinek bere aldetik ibili behar duenik, besteari jaramonik egin gabe.

Hori ezinezkoa da.

Biak dira euskara, eta biek euskara bera eta bakarra lantzen saiatu behar dute (eta kazetaritzan kazetaritzako euskara bereziki), baina bakoitzak bere arlo berezia du euskararen barruan, batak ahozko mintzaira eta besteak izkribuzkoa.

Bistakoa denez, ez dira berdinak ahozkoaren estiloa eta idatziarena.

Hortaz, zein arlotan ari garen jakin behar dugu ezertan hasi aurretik.

Ahozko mintzairak bere moldeak, giltzak, topikoak, komodinak eta usarioak dituen bezala (hori dena da estiloa), idatziak ere baditu bereak.

Beraz, ahozko komunikabideetan (irrati eta telebistan batez ere) ari denak euskara mintzatua landu behar du batipat (idatzia ahantzi gabe), eta komunikabide idatzietan (egunkari, aldizkari eta abarretan) ari denak euskara idatziari begiratu behar dio bereziki (ahozkoa zapuztu gabe).

2. Auzi honetan, bestalde, ez dago ahazterik euskararen gaurko egoera.

Eta euskararen gaurko egoeran, bi puntu nagusi daude aintzakotzat hartu beharrekoak: alde batetik, euskalkiak eta beren funtzionamendua eta, bestetik, euskara batuaren prozesua.

Bi-biak dira gogoan hartu eta arreta bereziz zaindu beharrekoak, batez ere komunikabideetan ari denarentzat.

Esango nuke euskal kazetariak gaurregun sentiberatasun eta sen berezia behar dituela bi alderdi hauei dagokienez.

Eta hori euskararen eta euskaldun jendearen onbeharrez.

Alde batetik, jenderik gehienak, hitzegiterakoan, bere euskalkian hitzegiten du, eta euskalki horretan bizi du euskara.

Euskara idatziari dagokionez, jende horrek (euskaldungoaren gehiengo haundi batek) oso gutxi irakurtzen du euskaraz eta idatzi ia ezer ez.

Bestalde, bada minoria alfabetatu bat (euskaraz alfabetatua), euskara idatzia ere ongi ezagutzen duena.

Hauen artean maioria haundi bat euskara batuaren ildoan sartuta dagoela esan liteke, besteak beste, euskararen eredu bat behar-beharrezko ikusten duelako.

Beraz, euskararen egoera den bezalakoa izanik, ez dago ukatzerik ez bata (euskalkien erabilera eta bizia) eta ez bestea (euskara batuaren prozesua).

Eta batez ere komunikabideetan ari denak hariaren bi muturrei tinko eutsi behar die.

3. Gainera, komunikabideetako hizkerak baditu bere legeak eta berezitasunak.

José Luis Martínez Albertos-en hitzez esateko, .

Horrek esan nahi du kazetaritzako lengoaiak ahozko mintzairatik hurbil samar ibili behar duela.

Eta hori informazioaren eskakizuna besterik ez da: irakurleari edo entzuleari eguneroko informazioa pasatu nahi dionak ez dauka irakurle-entzule horren lengoaiatik gehiegi urruntzerik.

Bestela informazioa ez litzateke pasatuko.

Hortik datoz, hain zuzen, kazetaritzako lengoaiak behar dituen bereizgarriak: argitasuna, zehaztasuna, naturaltasuna, laburtasuna, etab.

Aski litzateke puntu honetarako kazetaritza munduko bi klasiko aipatzea eta kontsultatzea: Martínez Albertos-en Redacción Periodística liburua eta Gonzalo Martín Vivaldi-ren Géneros Periodísticos.

Biak dira oso ezagunak kazetarien artean.

Liburu hauetatik eta euskararen gaurko egoeratik ondorio hau atera liteke, nire ustez: euskal komunikabideetako euskarak euskara mintzatutik nahiko hurbil ibili behar lukeela, eta are gehiago irrati eta telebistakoak, zeren komunikabide horietako euskara entzuteko bait da printzipioz.

Honek ez du esan nahi komunikabideetan euskalkiak bakarrik erabili behar direnik (horiek ere bai, noski; noiz, nola eta zertan ikusi behar), ezta pentsatu ere.

Nire ustez, gaurko gure komunikabideetan, probintziarteko hedadura dutenetan behintzat, euskara batua erabili behar litzateke nagusiki, baina nolabait adierazteko euskara batu mintzatua eta euskara batu idatzia bereiziz, edota nahiago bada, euskara batuaren barruan bi erabilera horiek berezituz eta espezializatuz.

Dena den, gaurko euskaldungoaren egoera (maioria haundi horrena) ondo gogoan hartu behar da, gauzak bere onetik ez ateratzeko eta batez ere jendea ez zapuzteko.